CaixaBank Payments & Consumer-entzat, etorkizunean pentsatzea jasangarritasunean pentsatzea da, gure balioen parte diren bi kontzeptu zatiezin baitira.
Jasangarritasuna berezkoa zaio gure enpresa-estrategiari, eta zeharka txertatzen dugu gure jardueran, hiru dimentsioei helduz: ingurumena, gizartea eta gobernantza (IGG). 2025-2027 Jasangarritasun Plan berria dugu, baina, aurkeztu aurretik, aurreko planaren balorazioa eta balantzea partekatu nahi ditugu.
2024an, oso balantze positiboarekin itxi genuen 2022-2024 Jasangarritasun Plana. Hiru urte hauetan, jasangarritasuna erakundeko arlo guztietan integratzea lortu dugu. Horren erakusgarri dira aldi horretan abiarazitako 100 ekimen baino gehiago, zeinetan parte hartu duten eta, kasu askotan, erakundeko arlo eta filial guztien buru izan diren, Portugalen dugun sukurtsala barne.
2024an, gure Jasangarritasun Planaren azken urtean, funtsezko 21 ekimen abiarazi genituen, eta dagoeneko emaitza nabarmenak eragin dituzte. Gainera, garapen-fasean dauden eta 2025-2027 Jasangarritasun Plan berriaren lehen erdian amaitzea aurreikusita dauden beste 50 ekintzatan aurrerapenak egin dira.
Inplementatutako ekimenen artean, nabarmentzekoak dira gure bezeroei trantsizio energetikoan laguntzea helburu dutenak, etxeko eraginkortasun energetikoan nahiz mugikortasun garbian. Halaber, ekonomia zirkularra, gizarteratzea eta berrikuntza bultzatzeko ekintzak jarri ditugu abian. Horrela, hazkunde eredu arduratsuarekin dugun konpromisoa sendotzen dugu.
Hona hemen inplementatutako ekimenen adibide batzuk:
Ingurumen-finantzak mobilizatzea: 2023an eta 2024an, finantzaketa berdeko produktu gehienen trazabilitatea eskuratu genuen. Halaber, produktu horiek monitorizatu eta hiru hilean behin CaixaBank Taldeko Jasangarritasun Batzordean eta CaixaBank Payments & Consumer-eko Zuzendaritza Batzordean aurkeztutako finantzaketa berde guztiaren txostena egin ahal izan genuen. 0 eta ECO etiketa duten 15.000 auto baino gehiagoren finantzaketaren trazabilitatea lortu ahal izan dugu, eta eguzki-paneletan 4.500 finantzaketa baino gehiago eskuratu ditugu.
Gizarte-finantzak mobilizatzea: batetik, finantzaketa sozial gehiena irudikatzea lortu dugu, prestakuntzarako maileguak bereziki barnean hartzen dituena. Horrekin jarraitzea eta mobilizazio berdearekin batera jakinaraztea da helburua. Bestetik prima soziala lortzeko kudeaketa-zirkuitua finkatu genuen CaixaBank Equipment Finance filialaren ekipo-ondasunen renting-eragiketetan. 2024an, gure filiala den CaixaBank Equipment Finance-k ekipo ondasunen renting-jarduerarekin 15 eragiketa egin zituen. 31,1 milioi euroko finantzaketa izan zuen ospitaleetarako eta ikastetxe publiko edo itunduetarako ekipo teknologikoetan, eta, neurri txikiagoan, gizarte erakundeentzat. Eragiketa horiek prima soziala lortu zuten CaixaBank-en Garapen Jasangarrirako Helburuak finantzatzeko framework-aren hautagarritasun-irizpideak betetzean.
Barne-deskarbonizazioa:
Deskarbonizazioarekin eta ekonomia zirkularrarekin dugun konpromisoaren barruan, hobetu egin dugu gure bezeroek gure bulegoetan entregatzen dituzten txartelak birziklatzeko zirkuitua. Birziklatze-zirkuitu eraginkorrago eta gardenago baten bidez, birziklatutako txartel bakoitzaren jomuga zehaztu dezakegu orain, eta bezero bakoitzari haren txartel zaharra zertan bihurtu den jakinaraz diezaiokegu. Txartelak hiri-altzari bihurtzen dira –adibidez, banku eta paperontzi–, hondakin plastikoen tonak murrizten laguntzen dute eta jasangarritasunaren eta bezeroaren esperientziaren arteko lotura indartzen dute.
Halaber, ozeano eta hondartzetan bildutako plastiko birziklatuarekin egindako 20.000 txartelen bigarren edizio mugatua merkaturatzen dugu, Imagin-en bezeroentzako.
Gobernantza eta gardentasuna:
Gardentasunari eta merkaturatze arduratsuari dagokienez, 10 ekimen baino gehiago abiarazi ditugu My Card, Imagin & Go txartelen eta Imagin txartel batzuen eta CaixaBank-ek merkaturatutako txartel gehienen (300etik gora) gardentasuna hobetzeko, eta arreta berezia jarri dugu Revolving produktuan. Gainera, Finantza Hezkuntzako eduki espezifikoa sortzen dugu gure produktuei lotutako webgune korporatiboan: txartelak, kreditu-lerroak eta maileguak. Gure xedea da bezeroei finantza-kontzeptuak erraz azaltzea.
Gobernantzari dagokionez, jasangarritasuna zenbait barne-prozesutan txertatu genuen. Adibidez, Produktu Batzordearen Jasangarritasun arloa sortzea. Arlo horretatik igarotzen dira produktu berri guztiak haiek kaleratu aurretik, eta berrikusi egiten dira. Halaber, Jasangarritasun arloak komunikazio komertzial guztiak ere berrikusten ditu, jasangarritasunari buruzko osagairen bat badute. Hala bildu da Merkataritza Komunikazioko Politika Korporatiboaren Eskuliburuan.
Horrez gain, filialei jasangarritasunari buruzko 4 politika korporatibo ere garatu dira, dagozkien gobernuko-erakundeek onar zitzaten. CaixaBank Taldeak Jasangarritasunarekiko duen posizioa biltzen duten hurrengo 4 dokumentuak dira: Jasangarritasunari buruzko printzipioak, Giza eskubideen printzipioak, Klima-aldaketaren aitorpena eta Naturari buruzko aitorpena.
Plan berri honek jarraipena ematen die hiru anbizioei: aurreko planeko ingurumena, gizartea eta gobernantza, eta ildo estrategikoak. Aldi berean, beste alderdi batzuk eguneratu, indartu eta zehazten ditu, anbizio soziala bereziki azpimarratuz.
Ingurumen-anbizioa: gure fokua da oraindik ere, gure bezeroei laguntzea mugikortasun jasangarriaren eta etxe eraginkorraren eremuetan trantsizio energetikoa egiten. Hori erdiesteko, baldintza berezien bidez finantzatzeko eta laguntzeko integratzen duten soluzio espezifikoak erabiltzen dira. Gainera, gure jarduera deskarbonizatzeko lanean ere jarraitzen dugu, txartelekin lotutako ekimenak inplementatuz, hala nola digitalizazioa (bertsio fisikoa kenduta), material jasangarriagoetan berritzea edo birziklatze-prozesuak hobetzea eta berritzea. Halaber, 1. irismeneko gure karbono-aztarna murriztu nahi dugu; horretarako, ibilgailu komertzialen flota modelo guztiak modelo eraginkorragoetara eguneratzea da asmoa. 3. irismenekoen kasuan, batez ere gure balio-katearen aztarnarekin lotutakoak murriztu nahi ditugu, baita bidaia korporatiboekin lotutakoak ere.
Anbizio soziala: gizarteratzeak eta inklusioa lehentasuna izaten jarraitzen du, eta Braille txartela edo itsuentzako STa arlo horretan garatutako ekimenen adibide argiak dira. Dena den, horri bi jarduera-ildo berri gehitu behar zaizkio. Batetik, enplegagarritasuna eta ekintzailetza bultzatzea, lanbide-heziketarako eta unibertsitate-ikasketetarako maileguak bezalako finantza-produktuen bidez. Bestetik, luzatuz doan bizitza-itxaropenari erantzutea, senior kolektiboari zuzendutako eta etapa horretarako prestatzera bideratutako finantza-soluzio eta -produktuen bidez.
Gobernantza-anbizioa: ESG alderdiak kudeaketan eta erabakiak hartzeko prozesuetan integratzea mantentzen da plan berrian. Izan ere, nahiz eta erakundean jada txertatuta egon Produktu Batzordeetan, Zuzendaritza Batzordean eta alderdi operatiboenetan, garrantzizkoa da. Gainera, gure langileen artean jasangarritasun-kultura sustatzen jarraitzen dugu, lan ingurune inklusiboa edukita eta langileen talentua eta garapen profesionala bultzatuta.
CaixaBank Payments & Consumer-en, CaixaBank Taldeko konpromisoekin bat egiten jarraitzen dugu gure ingurunearen jasangarritasunean elkarrekin aurrera egiteko, betiko moduan.
Era berean, Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) dugun konpromisoa sendotu nahi dugu, bereziki bost helbururekin, gure jarduerak eragin zuzenagoa baitu horietan:
Gure bezeroei, partikularrei eta enpresei, ekonomia jasangarriago baterantz zuzentzen ditugu. Hori erdiesteko, ingurumenean duten inpaktua murrizten duten produktu jasangarrien finantzaketa sustatzeko ekimenak ditugu, Ekimen horiek mugikortasun jasangarrian eta etxe eraginkorrean ardaztuta daude, batez ere.
Gure jarduera deskarbonizatzeko ekintzak ere sustatzen ditugu, Taldearen Ingurumen Kudeaketako Planarekin lerrokatuta. Ekimen horiek gure karbono-aztarnaren kalkulutik abiatzen dira, eta, besteak beste, ekimen hauek hartzen dituzte barne: CaixaBank-eko bulegoetan txartelak biltzea, haiek modu egokian birziklatzea; STa inplementatzea, tiketa ez inprimatzeko aukerarekin; txartelak digitalizatzea, eta ibilgailu komertzialen flota modelo jasangarriagoetara eguneratzea, besteak beste.
CaixaBank Payments & Consumer-en erronka da eragin positiboa izatea pertsonengan, bereziki egoera zaurgarrian dauden horietan.
Hori lortzeko, kolektibo eta enpresa ezberdinen beharretara egokitutako produktuak eta zerbitzuak eskaintzen ditugu, gizarteratzeko irizpideak dituztenak.
Gizarte-inklusioa eta finantza-inklusioa indartzea, enplegagarritasuna eta ekintzailetza sustatzea eta luzatzen ari den bizitza-itxaropenari erantzutea dira gure helburuak.
Gainera, gizarte justuagoa eta inklusiboagoa erdiesteko programak eta proiektuak finantzatzen ditugu eta horietan parte hartzen dugu, hirugarren sektoreko elkarte eta erakundeekin lankidetzan eta betiere Gizarte Ekintza CaixaBank-ekin eta "la Caixa" Fundazioarekin koordinatuta.
Gure jardueraren kudeaketa arduratsuaren alde egiten dugu., Horretarako, alderdi sozialak eta ingurumen-alderdiak txertatuta daude gure gobernu-organoen eta erakundearen parte diren arlo eta negozioen erabakiak hartzeko prozesuetan. Halaber, jasangarritasunarekiko sentsibilizazioa sustatzen da plantilla osoarentzat.
Badakigu konpainia osatzen duten pertsonak gure balioekin konprometituta egoteari zor zaiola gure arrakasta. Horregatik, barne-talentua eta ongizate pertsonala sustatzen ditugu, gure jarduera lan-ingurune inklusibo, anitz eta parekide batean garatuta.
Gure jarduera lan-ingurune inklusibo, anitz eta parekidean gara dadin ere saiatzen gara.
CaixaBank Payment & Consumer erakundeak cookie propioak erabiltzen ditu zure nabigazioa aztertzeko, webgunearen funtzionaltasunak eta eskura jartzen dizkizun produktu eta zerbitzuak hobetzeko. Cookie horien erabilera onar edo ezets dezakezu "Onartu" edo "Baztertu" botoiak sakatuz. Informazio gehiago nahi izanez gero, sakatu COOKIE POLITIKA.